Bizkaiko txakolinak Decanter 2022 sarietan nabarmentzen dira

13 Jun Bizkaiko txakolinak Decanter 2022 sarietan nabarmentzen dira

Leioa 22-06-09. Decanter World Wine Awards (DWWA) sarien 19. edizioaren dominen palmaresa aste honetan aurkeztu da. Lehiaketa hau mundu mailako ardo-lehiaketa garrantzitsuenetako bat da, eta mundu osoan irismena du. Mundu osoko ardo-aditu onenak epaile gisa izanda, DWWA sariek nazioarteko konfiantza dute, ebaluazio-prozesu zorrotza dutelako. Prozesu horren barruan, ia 250 epaile adituk, horien artean 41 ardo maisuk (Masters of Wine) eta 13 sommelier maisuk (Master Sommeliers), 54 herrialdetako 18.244 ardo ebaluatu zituzten, dastatutako ardoen errekorra izanda.

Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturako hamaika txakolin saritu dituzte Londresen apirilaren amaieran egin zen Decanter World Wine Awards lehiaketan.

Nabarmentzekoa da 2019ko Berroja txakolina, 95 punturekin eta urrezko dominarekin. Muxikako izen bereko upeltegiak egindako txakolin berezia, joan den abenduan Jatorri Deiturak aurkeztutako txakolin kategoria berria. Kategoria honetan barrikan hartzitutako eta bost hilabeteko gutxieneko liekin heldutako txakolinak biltzen dira.

Larrabetzuko Gorka Izagirre upategiaren Uztagoiena, 2019ko Arima ardoak, 94 puntu eta zilarrezko domina lortu ditu.

Zilarrezko domina eta 90 puntu ere Berroja upategiaren Aguirrebeko Lasai (2019) eta Gorka Izagirre upategiaren Gorka Izagirre (2021) txakolinentzat. Baita azken upategi honen 2019ko Ama, 2019ko Zura eta 2020ko G22 txakolin berezientzat ere.

Berroja upategiko Aguirrebeko 2020 eta Virgen de Lorea upategiko Aretxaga 2021 txakolinek brontzezko domina lortu dute. Gainera, 2019ko Señorío de Otxaran Premium eta 2020ko Lainoa txakolin bereziek brontzezko domina jaso dute.

ZILARREZKO BI DOMINA BRUXELLESEKO CONCOURS MONDIALEN

Bruxellesko Concours Mondialek duela gutxi aurkeztu zituen 2022ko Ardo beltz eta zurien bilkuraren emaitzak. Maiatzaren 19tik 21era, munduan ospe handia duen beste lehiaketa honek nazioarteko ardogintzaren sektoreko adituak bildu zituen, mundu osoko ia 40 herrialdetako 7.300 ardo dastatzeko.

Oraingoan, Gatikako Butroi upeltegiko Oletxe txakolina eta Zallako Virgen de Lorea Upeltegietako Lainoa txakolinak zilarrezko dominarekin saritu zituzten.