Bizkaiko Txakolinak San Mames-en ospatu zuen bere 2018ko Txakolinaren Eguna

Asier Camacho

25 Apr Bizkaiko Txakolinak San Mames-en ospatu zuen bere 2018ko Txakolinaren Eguna

Bizkaiko Txakolinak San Mames-en ospatu zuen bere Txakolinaren Eguna, azken uztako Txakolina aurkezteko urtero prestatzen duen jaia.

Kontseilu Arautzaileak oraingoan San Mames VIP gunea aukeratu zuen adiskide, ekoizle eta upategietako jabeek bere urteroko jaian batzeko asmoz. Hain zuzen ere, hirurehun gonbidatu inguruk jo zuten ekitaldi honetara, Bizkaiko gizartearen ordezkariak eta agintari politikoak barne.

Jose Luis Gómez Querejetak estreinatu zuen bere Kontseilu Arautzaileko lehendakari kargua. Bere diskurtsoan, aurrekoek utzitako balantze positiboa nabarmendu zuen lehendakari berriak. Halaber, Gómez Querejetak Jatorrizko Deiturako agintari berriak jarritako helburuetara heltzeko lan egiteko borondatea azpimarratu zuen. Markaren irudiaren promozioa, benetakotasuna eta kalitatea bermatzea eta Bizkaiko Txakolina merkatu berrietara zuzentzea eta sustatzea, dira batez ere helburu hauek.

Helburu hauek lortzeko José Luis Gómez Queretak zuzentzen duen taldeak, upategian eta mahastian etengabeko prestakuntza eta ikerkuntza bultzatuko du, administrazio publikoen, zentru teknologikoen eta unibertsitateen laguntzaz, eta sumiller eta sukaldarien eguneroko lanakin, baita ere.

Lehendakariak auzo lanera deitu zien Jatorrizko Deituran parte hartzen duten guztiei, “elkarrekin ibiliz urrutirago helduko gara”, esanik.

Ondoren, Peli Manterolak, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, hartu zuen hitza. Bizkaiko Txakolinaren kalitatea dela merkatu berriak irekitzeko pasaporterik hoberena esan zuen lehenik. Azken urtean Bizkaiko Txakolinaren esportazioak ehuneko 4 igo direla gogoratu zuen Manterola jaunak eta Eusko Jaurlaritzaren babes osoa agindu zuen txakolina hobetzen jarraitzeko eta merkatu berrietan aukera berriak sortzeko.

Azkenik, Elena Unzueta, ‎Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko Foru Diputatuak, jaia ospatzen ari zen gertalekuaren harira, Athletik-en harrobi lana eta txakolin ekoizleen lan jasankorra parekatu zituen. “Bere txikitasunean handiagoekin aurrez aurre jartzeko indarra, Bizkaitarra izatearen harrotasuna eta bikaintasunaren etengabeko bilaketa” dira Unzuetaren ustetan Bizkaiko Txakolinaren ekoizleen ezaugarri nagusiak

Unzueta andreak Bizkaiko Txakolinaren kontsumoaren igoera gogoratuz, etorkizuneko erronketaz arduratu beharra azpimarratu zuen. Erronka honen artean txakolina kontsumitzaile berrietara hurbiltzea dela esan zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa aginduz helburu hori betetzeko.

IGOR YERBA DANTZARIA ETA MARIBEL SALAS AKTOREA, BIZKAIKO TXAKOLINAREN ENBAXADORE BERRIAK

Diskurtsoen ostean Bizkaiko Txakolinaren enbaxadore berrien izendapenaren txanda etorri zen. Igor Yerba dantzaria eta Maribel Salas aktorea izan dira aurten aukeratuak. Aurrerantzean Bizkaiko Txakolina “Allá abajo” telesailan izango dela iragarri zuen bertako pertsonaia nagusietako  bat den Salasek.

ARDO GUSTAGARRIA ETA INGURATZAILEA

Hiru sumiller, Herrialde bakoitzeko bat, izan ziren 2017ko uztako Bizkaiko Txakolina dastatzeko ardura izan zutenak: Jon Andoni Rementeria, Bizkaiko Sumillerren Elkartekoa, Nagore Fernandez Rocha, Arabako Sumillerren Elkartekoa, eta María Herrero, Gipuzkoako Sumillerren Elkartekoa.

Aditu hauen ustetan 2017ko Bizkaiko Txakolina ardo gustagarria da, disdiratsua eta garbia, fruitu eta belar usain inguratzailez hornitua eta, bere nortasunak agintzen duen bezala, neurriko garrastasunduna.

Bizkaiko Txakolinaren urteko jaia musikaz eta joandako guztiek topa eginez amaitu zen



diputacion-bizkaia-foru-aldundia
mybilbaobizkaia-hover
euskadi-basque-country