Aurten Bizkaiko Txakolina itsasadarratik dator

Txakoli Eguna 2016

13 Apr Aurten Bizkaiko Txakolina itsasadarratik dator

Datorren ostegunean, apirilak 14, Bizkaiko Txakolinak bere ohizko BIZKAIKO TXAKOLINAREN EGUNA ospatuko du aurtengo txakolina aurkezteko.

Bizkaiko Txakolina itsasadarratik helduko da aurten Bilbora, goizeko 11:30etan irtengo da itsasontzia, Itsas Museoaren aurrean dagoen kaitik, upategietako arduradunak, ekoizleak eta kazetariak barruan direla, eta 12:00etan helduko da Pio Barojako kaira.

Han egongo dira itxaroten ongi etorria emateko, Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Elena Unzueta, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Ahalduna; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza, elikagaien Industriaren Sailburu ordea; Lucia Isla, Nekazaritzako Zuzendari Nagusia; eta Peli Manterola, Kalitate eta Elikagaien Industriako Zuzendari Nagusia.

Upategietako arduradunak eta ekoizleak kalejiran joango dira Kafe Antzokira Barroeta Aldamar, Ibáñez de Bilbao eta San Vicente kaleetatik.

Eguerdiko ordu batean hasiko da ekitaldi nagusia. Iñaki Aretxabaletak, Kontseilu Arautzaileko Lehendakariak, hartuko du hitza. Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industriaren Sailburu ordea, izango da bigarren hizlaria, eta Elena Unzueta, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Ahaldunak, amaituko du.

Gero Bizkaiko Txakolinaren Enbaxadoreak izendatuko dituzte. Aurten Alex Txikon eta Alicia Rueda izango dira.

Azkenik, aurtengo txakolinaren aurkezpena eta dastaketa izango da. Lan hau bi sumillerrek egingo dute, Euskadiko Txapelketako txapelduna eta txapeldunordeak: Ismael Alvarez, Nerua jatetxekoa, eta Bizkaiko Sumillerren Elkartekoa; eta Kaskagorri jatetxeko Alaitz Gaitan, Arabakoa.

Arratsaldeko zortzi ta erdietan hasiko da ospakizunaren bigarren zatia. Musika zuzenean izango da Kafe Antzokian, Mobydick, Larry Bird, Free the Wheel eta Planetaleta taldeen eskutik. Sarrera eta hiru txakolin doan izango dira gonbidapen bidez.



diputacion-bizkaia-foru-aldundia
mybilbaobizkaia-hover
euskadi-basque-country